Usurbilgo Toponimia

Ba al zenekien?

San Esteban eliza

Ermita edo elizari deituko diogu San Esteban, baina auzoari deitzeko Urdaiaga berezko izena erabiliko dugu. Azken urteotan, San Esteban zabaldu da auzoari nahiz elizari deitzeko, eta Urdaiaga izena ia desagertu ere egin da. Eliza edo ermiten izenek lekuen berezko izena ordezkatzearena ez da fenomeno arrotza, oso ohikoa baizik, izan auzo, izan mendi. Bi adibide jartzeko: San Esteban auzoa, Andoainen (Gipuzkoa), Goiburu da, berez; bestea, San Donato mendia litzateke Sakanan (Nafarroa), haren izen jatorra: Beriain. Eta horrela, kasu mordoa aipa genitzake.

Oso aspaldikoa dela zalantzarik gabe esan liteke; baina, lehen aipamena, 1200ekoa, Gipuzkoak Alfonso VIII.arekin bat egitekoan agertzen dena, ez zaio onargarria iruditzen Luis Murugarreni, agiria apokrifoa delako.

1548an, ordea, testamentu batean Elena de Murguiak dirua uzten du “Santisteban”go mojentzat. Lehen aipamen horretan ikusten denez, moja monasterioa izan zen, 1590 inguru arte. Baina, dezentez aurreragotik letorkeen monasterioa izango zen, ordurako sortuak zituen ondasunei eta zorrei begiratuz gero: 1598an, Tolosako komentuko frantziskotarrek Errotaberri saldu zuten, Urdaiagako “Santestevan de Hoa”ko lekaimeen komentukoa izan zena; eta, 1549an, Juan Pérez de Arrillagaren testamentuan San Estebango mojek zor dizkioten lau dukat kobratzeko agintzen du. (1)

Ikusi dugun bezala, lehenbiziko aipamenetan Oari lotua agertzen da. Badirudi aspaldiko oinetxe honek zerikusi zuzena izan zuela monasterioaren sorreran.

Frantziskotarren iragan honetako hondarra izango da, seguru asko, elizan dagoen San Frantziskoren irudi txiki xume bat. Ama Birjinaren beste taila bat ere aipagarria da: Gipuzkoan oso gutxi ikusitako estiloan egina, eta Semeari udarea eskaintzen diona sagarraren ordez.

Aginagako eliza izango zen antzina. Aginagak eta Urdaiagak komunitate bakarra osatzen zuten garaian. 1641ean, esate baterako, Usurbilgo eta Aginagako kontzejuek konkordia bat sinatu zuten herriko hornidurak egiteko eraz. Bertan onartzen denez, San Estebango jaietan, bost edo sei egunez, edonork ekar eta sal litzake ardoa eta beste gai batzuk Urdaiagara, haragia izan ezik (1). Ikusita, Aginaga eta Usurbil ari direla sestran, uste izatekoa da erabaki hau Aginagaren eskaera izango zela eta, beraz, pentsa liteke Aginaga bere eliza eta jaien alde ari zela.

Buruko mina kentzeko sinesmen handia du San Estebanek inguruotan. Horretarako burua sartu behar duzu paretako bi zuloetako batean, limosnatxoa eskaini, eta erregua egin: “Aita San Esteban altaretakoa, toizu dirua eta arzazu miña”. (1)

Oharrak:

(1) Usurbil, Luis Murugarren, Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, Donostia, 1974 (101, 164, 133 or.)

Toponimoa: San Esteban

Atzera
Irudia

© 2012 - Usurbilgo Udala

Joxe Martin Sagardia Plaza, z/g - 20170 Usurbil - GIPUZKOA

Tel.: 943371951

www.usurbil.net