Usurbilgo Toponimia

Ba al zenekien?

Elizalde

Errefusatutako erdigunea, garaile

Elizaren inguruari eta haren ondoan sortzen joan zen etxe multzoari Elizalde esan zaio aspalditik (1541). Beste izan batzuk ere esan izan zaizkio: Kaleberri, Kaxkoa. (Kale)berri, jakina, lehendik zegoen kalearen aldean. Hura kale zaharra (Kalezar), eta hau, berria.

1371n, Gaztelako erregeak baimena eman zuenean, zergatik sortu zen hiribildua Kalezarren, elizatik hain urrun, eta ez, usadioa zen bezala, elizaren inguruan? Zer esana ugari sortu duen auzia da.

Badirudi atxegatarren eraginetik urrundu nahi izan zutela, herria izututa eta nazkatuta bizi zelako Ahaide Nagusien jauntxokeriekin. Gogoratu behar dugu, eliza ere atxegatarren eraginpean zegoela (haren zaindariak ziren, eta horregatik hamarrenak eta hasikinak kobratzen zituzten). XV. menderako, ordea, beldur horiek baretzen joango ziren Gipuzkoako Ermandadea indarra hartzen zihoan heinean (Probintziaren justizia egiteko ahalmena esan nahi da). Hala, Elizaldea erakargarriagoa bihurtzen joango zen.

Bestalde, hiribildua sortu zenetik, Aginagako kontzejuak ez zuen inoiz joan nahi izan Kalezarrera bilerak egitera, bertan behartuak eta menderatuak izateko beldurrez. Horrexegatik egiten ziren bilerak Parisko hariztian.

XVII. mendearen bigarren erdian, erakunde publiko eta dendak (Kontzejua, kartzela, harategia, taberna…) Elizaldera eramateko eskaerak ugaritu egingo dira. Gainbeheraren gailurra udaletxe berriaren eraikuntzak markatuko du. 1661 aldera, eztabaida handiak izango ziren herriko etxe berria non egin erabakitzeko: alde batetik, batez ere aginagarrak, Elizalden egitearen alde; eta, bestetik, kalezartarrak, Kalezarren egin berri zuten kontzeju etxearen alde. Probintziako Junta Orokorrek erabaki behar izan zuten auzia, eta erabaki ere, Elizaldeko parajea zela egokiena auzotar gehienentzat.

Handik aurrera, auziz auzi ibiliko dira, kalezartarrek beren herriko etxearen alde egiten jarraitu baitzuten (egungo Kontzeju deitutako etxea). Azterketa eta eztabaida askoren ondoren, 1675ean hartuko dute Elizaldeko udaletxearen aldeko erabakia, behin-betiko, Gipuzkoako Juntek.

Urteak joan, urteak etorri, Kalezar baztertuta geratuko zen, eta sekulako indarra hartuko zuen auzo berriak.

Oharra:
(1) Usurbil, Luis Murugarren, Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, Donostia, 1974 (42, 91 or.)

Toponimoa: Elizalde

Atzera
Irudia

© 2012 - Usurbilgo Udala

Joxe Martin Sagardia Plaza, z/g - 20170 Usurbil - GIPUZKOA

Tel.: 943371951

www.usurbil.net