Usurbilgo Toponimia

Ba al zenekien?

Irisasi

Basoaren ederra

Sasi “gazt. monte bajo, matorral” dela dio Luis Mari Zalduak, eta zera gaineratzen du: “Ihartzear dagoen generiko zahar samarra da, hortaz” (1). Lehen osagaiarentzat “(h)iri “villa” (v. Uri)” dugu (1), baina ez dirudi oso egokia kasu honetarako (2).

Baso eremu bikaina da Irisasi: hasi Amiriko errekatik eta Olaberrietaraino; edo, bestela esanda, Zubietako mugatik Aiako mugaraino. Usurbil udalerriaren hego-mendebala hartzen du ia oso-osorik. Agiri zaharretan bi zatitan banatua ageri da: Andatza eta Iria.

Osorik ez bada ere, Gipuzkoako Aldundiarenak dira sailik handienak. Antzina, ordea, Orreagako Monasterioarenak izan ziren, baina ez dakigu ez zergatik, ezta noiztik ere. Ikus dezagun On Manuel Lekuonaren iritzia:

“Irisasi ez da erraz esplikatzen Usurbilen. Ezta ingurumari guztian ere. Ez da erraz esplikatzen horrenbesteko basoak, herri-baso ez zirenak, leku horretan izatea. Esan baitliteke baso hori, hasieran, Gipuzkoak Nafarroako erregeri opa zizkion “Errenga-mendi” haietako bat zela; gero, errege jaunak tenplarioei utzitakoa, eta, azkenik, tenplarioen bukaeran, Orreagako kanonigoek eskuetaratua. Nonean-nonean izan ohi baitzituzten erregeek horrelako mendi-basoak (Oiartzunen, adibidez, eta Hondarribia-Jaizkibelen) gero beren adiskideren bati oparituak.” (3)

1400ekoa da lehen aipamena: Juan Beltran “Aiçaga”ko jaunaren (Atxega) eta Orreagako fraideen arteko konkordia bat. Atxegak monasterioaren “Andaça” eta “Yria”ko guardei lagunduko die, hala eskatzen badiote, eta gainera, fraideek ez diote elizaren hamarrenik ordainduko. Ordainetan, zuhaitzen etekinetatik seirena izango du eta zenbait lurren eta errotarrien harrobien usufruktua. (4)

“Orreagako kalonjeak (Canónigos de Roncesvalles) Andatza eta Irisasiren (Andaza e Iria) jabe dira. Andatzak sesio asko eta etekin gutxi ematen die kalonjeei, urtean 60 dukat, bakarrik. Saltzea erabakitzen dute, 800 dukaten aldera; dukatuak epe luzean ordaintzekoak izango dira, baina pagatzen ez badira, Andatza eta Irisasi Orreagarentzat geldituko dira.

Erostuna Aginagako komunitatea da. Hitz ematen dute diru hau ordainduko dutela: beren etxe, baserri, lur landu eta landugabeak, sagastiak, hariztiak, txarak, belardiak, larreak, fruta-zuhaitzak, urak, baita çumarte, Lasao eta Cebogeldo (?) erroten errentak eta Oria ibaiko “nasa”ren errentak bitarteko dituztela.

Orreagako artxiboan dago dokumentu hau, eta azkenean hitz hauek jartzen ditu: Ez zen bete (No se realizó).” (5)

Gipuzkoako Juntek zuhaitz landaketarako araudia zuten non agintzen baitzen herri lurretan hamar zuhaitz sartzea “su”ko eta urteko, eta sariak zeuden gehiago sartzen zituztenentzat. Hala, 1742an, Usurbilen 7.346 zuhaitz sartu ziren, eta 7.006 “cuartillo” kobratu zituzten. Kontuak aterata, 340 zuhaitz sartu behar zituztela derrigorrez ondorioztatu zuen Luis Murugarrenek. (4)

1831n, Itsas Errege Armadako Ontziolen zainketarako arduradunak txosten bat idatziko du esanez Irisasi-Andatzako basoak zainketa berezia eta lehentasunezko tratua behar duela, bertako egurra eta enborrak kalitate handikoak direlako. (6)

Horrez gain, Usurbilgo lehen gune ekonomiko garrantzitsua izan da urte askoan: egurra (eta ondorioz, ontziolak), ikatza (eta ikatzaz, aingurak), errotarriak, harrobiak, larreak, energia hidraulikoa (errotak eta argi-indarra), zeta-ola… (6)

Oharrak:
(1) ZALDUA, L. M. (2011): Urumeako zilegimendietako toponimia, lan argitaragabea.
(2) Apellidos Vascos, Luis Michelena, Biblioteca Vascongada de los Amigos del País Vasco, Donostia, 1953
(3) ZUBIETA, mila urteko herria, Joxe Ramon Zubimendi, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2000 (65.or.)
(4) Usurbil, Luis Murugarren, Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, Donostia, 1974 (32, 70.or.)
(5) USURBIL, mendez mende, Axentxio Elustondo, Usurbilgo Udala, 1989 (118.or.)
(6) USURBIL Iraganari Begiratuz (Ekoizpena), Gotzon Garmendia eta Ana Isabel Rodríguez, Usurbilgo Udala, 2001 (42, 3.or.)

Toponimoa: Irisasi

Atzera
Irudia

© 2012 - Usurbilgo Udala

Joxe Martin Sagardia Plaza, z/g - 20170 Usurbil - GIPUZKOA

Tel.: 943371951

www.usurbil.net