Ihi + tza + aho izango litzateke osaerarik logikoena. Ihia, ur inguruetako landarea, “i, i(h)i “junco”: Iza (itza “juncal”)” dio Mitxelenak (1), gehi “-tza, suf. que denota “abundancia””. Baina “-tza” atzizkiak lekua ere adieraz lezake, besterik gabe (2). Ahoz, berriz, zera dio: “a(h)o “boca”: Iturrao, Lasao, Ugao”. Aho horrek erreka ibaira irteten den lekua adieraziko luke. Hala, “ihitzan erreka irteten den tokia” edo esan nahiko luke, Usaterrekari erreferentzia eginez, beharbada. Aginagan eta Zubietan badugu Lasao ere (La(t)sak erreka esan nahi du).
Herriaren mendebaleko mugan aurkituko ditugu Itzao baserria eta erribera. Oria ibaiak, itsasotik hurbil, indarra galdu ahala, eta, era berean, mareen eraginez, padura, istila eta ihitza eremu zabalak izango zituen. Horiek itxi eta lehortu ondoren, erribera sail ederrak sortu zituzten; errioz beste aldetik handiena: Itzao. Orioko Botalekuko gainetik begiratzen badugu, ikuspegi ederra ikusiko dugu: lehen planoan, Oria ibaia, bazterretako landaredi bereziarekin; harantz, Itzao baserria eta erribera, behiak eta behorrak larreetan bazkan; eta harantzago, Irisasiko baso haserreak. Itzao eta Isostegi baserriak Aginagakotzat ditu jende askok, baina, berez, errioz bestaldetik direnez, Urdaiagakoak dira (garai batean, hala ere, denak Aginagakoak, Urdaiaga Aginaga baitzen).
Tellabidek eta Agirresarobek ederki asko azaldu dute nola izan zen erriberak sortzearen kontua:
“Erriberak ur handietatik babesteko, ibaiarekiko edo errioarekiko paralelo, ibaiertzean eraikitako dike edo lur muntoa da zanpiura. Hazita datorren ibaiak edo mareagorak erriberetako lursailak urez ez betetzea da zanpiuren zeregina, eta uholdeak edo marea biziak medio, hori gertatutako kasuetan, drenatze egokia egin ahal izateko azeki, erreten eta zanga sarea izan ohi dute, konplexua batzuetan. Erriora doazen erreten horiek konporta, uhate edo estanka batzuk dituzte errioertzean, marea gora datorrenean ura barrura ez sartzeko, eta alderantziz, erriberetako ur soberakinak errioan hustu ahal izateko bakarrik irekitzen direnak. Marearen eragina iristen ez den kasuetan, ordea, ez da halako konporta edo estankaren beharrik...
(…) Lurraldeko gainontzeko behe arroetan gertatu zen modura, Oriako erribera horien menperatzea XVIII. mendearen amaieran eta hurrengoaren hasieran lortu zen, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kideen aholku eta zuzendaritzapean (...)
Oria errioaren ezkerraldean eta Irisasi mendiaren artean geratzen den erribera zabalak 1500 metro luze den lur munto edo zanpiura du errioertzean, Sariakola paretik hasi, eta ia Olaberrietaraino. Babestutako erriberaren drenatzea zanga eta erreten sare trinko baten bidez egiten da. Bizkarrezur moduan dagoen erreten nagusiak biltzen ditu alboetatik datozen zangetako urak, ondoren bost azeki bidez errioratzeko. Usaterreka da horietako bat. Zanpiurapean harri-horman kokatutako konporta edo estankak dituzte azekiek, urak behar bezala erregulatzeko. Azekietako batzuk, gainera, lauza batzuez daude estaliak zanpiurara hurbiltzean, eta lurra dute gainean belardiak gehitzearren.
1808 inguruan luberritu ziren, garai hartan, Orreagako kolegiatarenak ziren lurrak, ordura arte ihitza eta padurak. Hiru nekazari familiarentzat Itzao baserria eraiki zen bertan, eta hor bizi izan dira, 1973an azken familiak alde egin zuen arte, zanpiurak babestuta, baina beti uholdeen beldur.” (3)
(1) Apellidos Vascos, Luis Michelena, Biblioteca Vascongada de los Amigos del País Vasco, Donostia, 1953
(2) Urumeako zilegimendietako toponimia, ZALDUA, L. M., lan argitaragabea, (2011) .
(3) Usurbilgo ondarea ezagutzen, Josu Tellabide eta Asier Agirresarobe, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2009 (180 or.)
Toponimoa: Itzao
Atzera