Usurbilgo Toponimia

Ba al zenekien?

Mapil

Oriorako bidean, Aginagatik irteterakoan, N-634 errepidearen ondo-ondoan, ezkerrera, Mapil etxe berria ikus liteke. Mendez mende ontziola garrantzitsua izana da. Inguruan agerikoak dira aztarrenak: uretaratze arranpa, nasa…

1606an, Usurbilgo hiru maisu arotzek Mapilgo eremua Oria arroako lekurik hoberena dela esaten dute galeoiak egiteko. Antzeko balorazioa egin zuen Usurbilgo Alkateak 200 urte geroago, 1831n.

1652koa da baserriaz hitz egiten digun lehen agiria: alokatze hitzarmen bat da. Joanes Sagarzazu da maizterra, eta nagusia, berriz, Antonio Unanue, Pedro de Unanue eta Madalena Urrizmendiren seme eta oinordekoa.

XVII. mendean izan zuen oparoaldia. Nabarmena 1657-1662 aldia izan zen, Espainiar monarkiaren enkargu bat iritsiko da. Miguel Okendo Kantauriko Eskuadraren Jenerala izango da begirale eta arduraduna. Lau galeoi egin ziren.

1700ean egin ziren azkenekotako bi galeoiak, “Nueva España”ko ontziteria osatuko zutenak: bata “Capitana”, eta bestea “Almiranta”. Galeoi bakoitzak 1.200 tonako pisua zuen.

XVIII. mendean, bigarren aldi bat aipatzen da. Borbondarren garaian, Errege Ontziolak beste herrialde batzuetara bideratu ziren eta Euskal Herria alboratua geratuko zen. Handik aurrera, ontziak tamaina txikiagokoak izango ziren, partikularrek enkargatuak eta era askotakoak: arrantzarako, garraiorako... Baina jarduera etengabea izango zen, 1831ko txosten batek dioena ikusi besterik ez dago:

“…los astilleros de esta villa se hallan en un estado cual no se ha conocido hasta estos días pues solo con decir que hay capacidad de construir dos fragatas y dos bergantines”. (1)

1858an, ontziolan lanean jarraitzen zuten, Jose Leandro Ikutza hil baitzen eraikitzen ari ziren itsasontziaren eskotila batetik sotora erorita. (2)

Beste ontziola batzuk ere izan ziren Aginaga edo inguruan, ez garrantzia txikiagokoak, hala nola: Urdaiaga, Arrutarte eta Zakoeta.

Oharra

(1) USURBIL Iraganari Begiratuz (Ekoizpena), Gotzon Garmendia eta Ana Isabel Rodríguez, Usurbilgo Udala, 2001 (45-64 or.)

(2) Usurbil, Luis Murugarren, Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, Donostia, 1974 (85 or.)

Toponimoa: Mapil

Atzera
Irudia

© 2012 - Usurbilgo Udala

Joxe Martin Sagardia Plaza, z/g - 20170 Usurbil - GIPUZKOA

Tel.: 943371951

www.usurbil.net