Usurbilgo Toponimia

Ba al zenekien?

San Frantzisko eliza

Aginagako plazan jartzen bagara, gaur egun bi eliza ikusiko ditugu: zaharra eta berria.

Zaharra oso desitxuratua dago. Eraikin apal bat da, dorrerik gabea, eta galduak ditu elementu deigarrienak: atariko eta saihets bateko zimitorioak. Sarrerako ate arkuduna ederra da. Hegoaldeko hormari itsatsita sakristia eta frontoi txiki bat ditu. Joan den mendearen bigarren erdian utzi zion eliza izateari. Egun, kultur ekintzetara bideratua dago.

Ondoan, haren ordezkoa dago. Planta handi-mandiko eraikin moderno bat da, bistako adreilu zuri-horixkaz egina. Elizaz gain, taberna, eskola eta jarduera askotarako hainbat lokal hartzen ditu bere baitan. Aipagarriak ditu: alde batetik, aldare atzeko eta ekialdeko hormako beirate artistikoak, eta bestetik, burdinazko kanpandorre bereizia. Dorrea plazatxo batean dago. Oinplano triangeluarrekoa da, hiruki formako burdinazko hiru zutabe asketan zutitzen dena. 4-5 metroro burdinazko xaflek lotzen dituzte zutabeak. Azkeneko konponketetan, heren bat edo moztu egin zioten, dirudienez, erloju-kanpaietatik gora zutitzen ziren burdinazko xaflek erortzeko arriskua zutelako. Hala, egituraren konplexutasunak berak eta, batez ere, garaierak ematen zioten xarma nabarmen urritu zitzaion.

Aginagako lehenbiziko eliza San Esteban ermita izan zen. Geroago egingo zuten Aginagaren erdigunean ermita. Luis Murugarrenek dio esan izan dela 1620 aldera eraiki zela, baita Etxebeste jeneralak eraikiarazi zuela ere; baina, berak nahiago du San Estebango frantziskotar lekaimeen monasterioari lotua ikusi sorrera. Uste du XVI. mendekoa izan litekeela. Bi arrazoi ematen ditu: alde batetik, litekeenago dela Etxebeste jeneralak, bertatik bertara jaioa izanda, ermitaren santutik hartzea izena (Frantzisko) eta ez alderantziz (jeneralaren omenez izatea eliza San Frantzisko); eta bestetik, garai horretakoa izanik, zilegi litzatekeela batzuen hipotesia: elizan dagoen San Frantziskoren irudia Anchietarena izatea, alegia.

1760 aldera berritu egingo zuten, Etxebeste jeneralak sortu zituen hiru kapilautzen eskrituretan zera baitiote: “en la nueva Basílica de San Francisco de Asís de la Comunidade de Aguinaga”. (1)

1762an, patronatutza Aginagako Komunitatearena omen da, horrek aurkeztuko baitu Manuela de Mutiozabal serora izateko, gotzainak onar dezan. (1)

1852an, erre egin zen. Jose Luis de Garagorri Etxebeste jeneralaren ilobak berreraikiko zuen. Orduan, “patrono” edo zaindari izatea eskatuko du, baina ez du lortuko. Badirudi, ordurako, San Millango markesa zela zaindaria. (2)

Aginagako kanposantuan lurperatu zen lehenbiziko pertsona Pedro de Zubeldia izan zen, Joaquina de Eraunceta-Murguillen senarra, 1882ko apirilaren 29an. (1)

 

(1) Usurbil, Luis Murugarren, Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, Donostia, 1974 (170-2 or.)

(2) ZUBIETA, mila urteko herria, Joxe Ramon Zubimendi, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2000 (487 or.)

Toponimoa: San Francisco de Asis

Atzera
Irudia

© 2012 - Usurbilgo Udala

Joxe Martin Sagardia Plaza, z/g - 20170 Usurbil - GIPUZKOA

Tel.: 943371951

www.usurbil.net