Usurbilgo Toponimia

Ba al zenekien?

Aginaga

Angula baino lehenagotik ere handi

Izenaren oinarrian, ezaguna den bezala, "(h)agin" zuhaitz izena dugu, eta osagarri -aga atzizkia, lekua adierazteko (1); alegia, "haginaren tokia, hagina zegoen lekua" edo esan nahiko luke.

Usurbilgo hirigunetik aparte samar, 3 km-ra, Oriorako errepidean dagoen auzoa. Aspalditik datorkion izaera bereiziaren aztarrenak gordetzen ditu gaur egun ere: eliza, frontoia, dendak, tabernak eta enpresak ditu, Aginagako Komunitatea (ia desagertua) eta, azkenik, herritarrak batzen dituen sentimendu sendoa.

Usurbil hiribildua osatu zenetik haren jurisdikzioan izan bada ere, eskumen ekonomikoak eta beste hainbat eskubide gorde izan ditu.

Hasiera-hasieratik izango ziren lehian, alde batetik, Kalezar edo Belmonte hiribildua, eta bestetik Aginaga, Zubieta eta "tierras de… Juan Ochoa de Urdayaga" (2). 1499rako sinatu zuten lehen adostasun-agiria. Agiri horretan, besteak beste, ageri da hiru urtetik behin Aginagak izendatuko zuela Alkatea. Haragia, ardoa, sagardoa eta beste salgaiak hiribildutik kanpo saltzeko eskubidea ere lortu zuten.

Bestalde, Aginagako Kontzejuak ez zuen inoiz joan nahi izan Kalezarrera bilerak egitera, bertan behartuak eta menderatuak izateko beldurrez. Horrexegatik egiten ziren bilerak Parisko hariztian. Hortik, kontzeju etxe berria egiteko garaia iritsi zenean, Aginagak Elizalden egin nahi zuen, eta auzi luze baten ondoren, Gipuzkoako Juntak bere alde egin zuen, 1661ean. Ez zuten, ordea, bi aldeek ere amore emateko joera handirik, eta hor ibiliko ziren urte luzeetan auzitan, adostasuna iritsi ezinik.

1641ean, Aginagak lortuko du bere herri-mendien mozketa saldu ahal izatea, eta nasa eta errotak errentan eman ahal izatea alkateari horren berri eman behar izan gabe. San Estebango festetan, bost edo sei egunez, Urdaiagan edonork ardoa eta beste salgaiak saldu ahal izatea ere lortuko da. Seguruena, Aginagak egindako eskaera izango zen, Aginagako eliza izango baitzen garai haietan San Esteban.

Izan ere, oso aspaldian nolabaiteko eite bereizi izango zuen arren, Urdaiaga Aginagaren zati izan da urte askoan. Jakina da Aginagako Komunitateko partaide izan direla, betidanik, Urdaiagako baserriak. Bada, hori, aspalditik datorren lotura da.

Urdaiaga Aginagako kontzejuaren barruan sartzen zela ez dago zalantza handirik, Joxe Ramon Zubimendik horrelaxe dio:

"Garai hartan, eta aspaldi-aspalditik, Aginagako zati ziren Urdaiaga, Santurunea eta Txokoalde; eta Aginagak Zubietarekin egiten zuen muga Amiri errekan. Esate baterako, Aginagako komunitateko etxeen artean hor ageri dira Ermotegi eta Urteaga (Urtia), Oha, Igartzazabal, Gilisagasti, Berreiartza eta Zabalea, besteak beste, 1600. urte aurretxoko Orreagako agiri batean." (3)

1531n, "convento de San Esteban que es en la tierra de Aguinaga" irakur liteke Axentxio Elustondoren liburuan. Liburuaren azala begiratzea besterik ez dago: 1675eko plano batean Santuenearen gainean "Partido de Aguinaga" dio. (4)

1689an, Soroa kapitainak sortu zuen lokarrian zera omen dio: "La casa solar de Guilisasti… sitta en la Comunidad de Aguinaga". (5)

1701ean, Zubietako kontzejuaren aurkako auzi batean ageri denez: "la casería de Hermuategui (Aguinaga)" (hau da, Ermotegi) eta aurrerago "la casería de Ortega, en Aguinaga (alegia, aurreraxeago aipatuko duen Urteaga).(3)

Oharrak:
(1) Apellidos Vascos, Luis Michelena, Biblioteca Vascongada de los Amigos del País Vasco, Donostia, 1953
(2) Usurbil, Luis Murugarren, Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, Donostia, 1974 (94, 101 or.)
(3) ZUBIETA, mila urteko herria, Joxe Ramon Zubimendi, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2000 (141, 382 or.)
(4) USURBIL, mendez mende, Axentxio Elustondo, Usurbilgo Udala, 1989 (131 or.)
(5) Usurbilgo Baserriak eta Baserritarrak, Josu Tellabide Azkolain, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2004 (526 or.)

Toponimoa: Aginaga

Atzera
Irudia

© 2012 - Usurbilgo Udala

Joxe Martin Sagardia Plaza, z/g - 20170 Usurbil - GIPUZKOA

Tel.: 943371951

www.usurbil.net