Usurbilgo Toponimia

Ba al zenekien?

Aizpurua

Zubietako batzarrak

Aizpuruaren oinarrian “(h)aitz” legoke, alegia, arkaitz, burkail, gehi “buru > puru” atzizkia, “gain, gailur” esan nahi duena (1). Beraz, “haitz gaina” edo “haitzaren gainean” edo esan nahiko luke: “sobre peña” dio Lizasok Nobiliarioan (2).

Zubietako errebote-plazaren ondoan dagoen baserri bikaina, Gipuzkoako zaharrenetakoa da: XVI. mendekoa. Garai hartakoak gorde ditu: atzealdean, ate arkuduna eta gainean leiho bikia, eta mandioan leiho bat harrizko eserlekua duena eta zuraje eder askoa. Aurrealde aparta berriagoa da, XVIII. mendekoa. Nabarmentzekoak ditu zurajearen eta leiho jendearen simetrikotasuna, eta soto irekia.

1813an, Donostia erre zutenean, baserri honetan bildu zen hiriburua berreraikitzea erabaki zuen udalbatza. Honelaxe kontatzen du Josu Tellabidek batzar haietan gertaturikoa:

"1813ko abuztuaren 31n, espainolen aliatu ziren ingelesen eta portugesen tropek Donostiako harresiak Bretxatik gainditu, eta hiria hartu zuten. Bitartean, frantsesak Mota gazteluan gotortu ziren. Sartutako tropa mertzenarioek su eman zioten Donostiari, etxeak eta dendak sakeatu, emakumeak bortxatu, hainbat herritar hil… izugarrizko triskantzak egin zituzten. 600 etxe erre ziren, eta 1500 familia kale gorrian gelditu.

Gertaera larri haien ondotik, hiriko agintariek Zubietako Aizpurua baserrian biltzea erabaki zuten 1813ko irailaren 8an. Miguel Antonio de Bengoechea alkatea, epailea, erregidorea, sindikoa, kontsulatuko buruak, priorea, zenbait elizgizon eta hiritar batzuk bildu ziren. Batzarkideek Donostia berreraikitzeko erabakia hartu zuten. Horretarako gutun bat idatzi zioten Gipuzkoako Aldundiari, udalbatza eratzeko baimena eskatuz, eta beste gutun bat Ciudad Rodrigoko dukeari (Wellington jeneralari) hiria berreraikitzeko laguntza eskatuz. Bilduta zeuden une haietan, Mota gazteluko goarnizio frantsesa errenditu zenaren albistea etorri zen. Orduan, beste gutun bat bidali zioten hiria hartu eta suntsitu zuen jeneral ingelesari, gaztelua hartzearen ekintzagatik zorionduz.

Biharamunean berriro bildu ziren, gertaeren memoria bat idazten jarraitzekotan. Goizeko bilera pasata, arratsaldekora Donostiako hiritarrak eta zubietarrak gonbidatuta zeuden. Horrela, batzar hartan aurkitzen ziren: Manuel Vicente de Añorga, Jose Manuel de Aizpurua, Juan Fermin de Irigoyen Araeta, Juan Miguel de Aizpurua, Juan Jose de Goya, Juan Miguel de Zatarain, Jose Antonio de Aliri, eta Juan Agustin de Añorga. Arbitza, Aizpurua, Araeta, Goiaran, Irigoien eta Aliri etxeetako jabeak ziren aipatutakoak. Batzar horretan behin-behineko udalbatza hautatu zen, eta Manuel de Añorga Arbitzako jabea, Zubietako alkate.

1877ko irailaren 9an, Aizpuruko etxe aurrean marmolezko oroitarri bat inauguratu zen, honako idatziarekin:

"La guerra asoló a San Sebastián
el patriotismo de sus ediles
aquí congregados
le levanto de sus ruinas
¡Benditos los hijos que salvan a su madre!”.”(3)

Gertaera hauexek jaso zituen Toti Martínez de Lezeak La Brecha nobelan. Beraz, Zubietako (eta Usurbilgo) bazterrez eta historiaz gehiago jakin nahi baduzue, era atseginagoan, badakizue nora jo.

Oharrak:

(1) Apellidos Vascos, Luis Michelena, Biblioteca Vascongada de los Amigos del País Vasco, Donostia, 1953
(2) ZUBIETA, mila urteko herria, Joxe Ramon Zubimendi, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2000 (76 or.)
(3) Usurbilgo Baserriak eta Baserritarrak, Josu Tellabide Azkolain, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2004 (623 or.)

Toponimoa: Aizpurua

Atzera
Irudia

© 2012 - Usurbilgo Udala

Joxe Martin Sagardia Plaza, z/g - 20170 Usurbil - GIPUZKOA

Tel.: 943371951

www.usurbil.net