Usurbilgo Toponimia

Ba al zenekien?

Agirretxipi

Ez Enbillene, ez Agerre, ezta txiki ere

Agirre/Agerrek "leku ageria, nabarmena" esan nahi omen du, eta Usurbilgo kasuan, behintzat, ederki lotzen dira izena eta izana. (1)

Baserri txiki polit hau Arratzaingo bidean ikusiko duzu, Kaleberritik kanposantura zoazela, bertara iritsi baino ehun bat metro lehenago, eskuinera.

Baserri izen hau argigarri gerta liteke toponimo bat arautzeko egiten den bidea azaltzeko garaian.

Agiri zaharrenetan (1499tik hasita) beti Agirre da. XIX. mendean dokumentazioa ugaritzen denean ere, gehienetan Agirre agertzen da. XX. mendean nagusitzen da Agerre forma (1865ean lehen aldiz), baina ez pentsa Agirre desagertzen denik (1957 arte, bada aipamenik) (2). Beraz, agiriek garbi asko adierazten dute zein den forma jatorra.

Txipi osagaiaz ere beste horrenbeste esan behar da. Forma zaharra txipi da (1642tik hasita; baina 1973an, oraindik ere, "Aguirrechipi o Aguirrechiqui"), eta ez txiki (1857an) (2). Nafarroarekin, eta ekialdeko hizkerekin lotzeko joera dugu txipi, eta halaxe izango da gaur egun; baina, badirudi, antzina, gure euskalkiak ere halaxe erabiltzen zuela izenondo hau. Bada horrelako gehiago: Zabaltxipi (Saltxipi).

Azkenik, Enbilleneren auzia argitzea geratzen zaigu. Baserri eta etxe askotan, bertan bizi izandakoaren izenak, abizenak edo ezizenak "jan" egin dio jatorrizko izena baserri, etxe edo dena delakoari. Kasu honetan, Enbillenek Agirretxipiri ("Aguirretxipi, vulgar. llamado Embil-enea", 1953) (2). Baina, ez da kasu bakarra, jakina. Hor ditugu, besteak beste: Axintxionea (Eizaazpi, Aginaga), Motzanea (Parisberri, Kaleberri)... Horietako zenbait, gainera, halakoxe izenarekin geratu dira, jatorrizko izena zein den argitu bitartean behintzat: Maatistanea, Joxelontxonea... Ez da ahaztu behar, ordea, badaezpada ere, aspaldiko usadioa dela etxeak eta baserriak jabearen edo dena delakoaren izenez bataiatzea, adibidez: Juandeuntzanea, Fermindegi, Txantxonenea, Donjoandegi, Gomentzanea, Gomiztegi... Denak ere, zein baino zein jatorragoak.

Usurbildar askori harrigarria egingo zaio Enbillenea Agirretxipi dela jakitea. Orduan, zenbat Agirre edo Agerre dira, bada, Usurbilen? Beste bat ere bada inor gutxik dakiena: Aginagako Aitzondo. Hori ere Agirre izango zen: Agirreberri. Beraz, bost izen Agirredun, behintzat, izango dira: Agirreaundi, Agirregaraikoa, Agirreazpi, Agirretxipi, eta Agirreberri. Bost baserri izan ote ziren? Hori beste upeleko sagardoa da, ordea.

Oharrak:
(1) Apellidos Vascos, Luis Michelena, Biblioteca Vascongada de los Amigos del País Vasco, Donostia, 1953
(2) Usurbilgo Toponimia, Mari Karmen Etxabe eta Jose Javier Furundarena, lan argitaragabea, Usurbilgo Udala, 1989

Toponimoa: Agirre txipi

Atzera
Irudia

© 2012 - Usurbilgo Udala

Joxe Martin Sagardia Plaza, z/g - 20170 Usurbil - GIPUZKOA

Tel.: 943371951

www.usurbil.net