Emakume baserritarraren borroka
Lehen aipamenean Araundi da (1625, Lope Martínez de Isasti), eta Arandi aldaera (1868) tartekatuko da askotan (1). Oinarrian “(h)aran” bailara edo “Ar(h)an” aranondoa (Prunus domestica) egon litezke. Mitxelenak (h)aran-en zera dio: “es frecuente ara-“ eta adibideetan Arauna aipatzen du. Bestalde, ar(h)an-en dator “Arandia (arandegi, arandi “boscaje de ciruelos”)”, eta bukaeran zera dio: “Algunos de sus derivados están quizá incuídos en el siguiente”, alegia, (h)aran-en (2). Luis Mari Zalduak erakutsi du (h)aran < araun, Leitzaran < Leitzaraun (XVIII eta XIX. mendeetan) (3). Osagarri, aldiz, landare izeneko oinarriek hain sarritan hartzen duten –ti < -di <-doi, dui atzizkiaren aldaera genuke, ugaritasuna adierazten duena. Ezin ditugu aipatu gabe utzi, Josu Tellabidek dakarren “Maria Gonzalez de Aranado, señora de la casa de Aranado” (1495) (4), ezta Zubietako plano zahar batean ageri den forma ere: Aranda-aundi (1869) (1). Ahoz, “Aundi” esaten zaio.
Zubietako errebote-plazaren inguruan garatu den herri-gunean txertatuta geratu da gaur egun, kale-kalean, ipar-mendebaleko kantoian, lehendik urruti ez bazen ere. Aurrealdean harrizko ateburua eta zurezko egitura ageri ditu baserri eder honek.
“Inguruotako baserri askok, aspaldi-aspalditik, esnea merkatura eta hirira hartzaile edo bezeroei eramaten zieten, baina jarduera hari utzi behar izan zioten Gurelesa esne-zentrala sortu zenean, 1959an. Orduan, esne pasteurizatu gabea zuzenean saltzea debekatu egin zitzaien baserritarrei. Baserritar gehienek gogoratzen duten moduan, baserri-produkzioaren gainbehera latza ekarri zuen gertaera hark. Esnearekin batera, barazkiak eta beste salgaiak Donostiara saltzera eramateari utzi zioten gehienek.
Donostian, arazo hau zela eta, manifestazio jendetsuak izan ziren erabaki honen kontra. Baserritarren eta herritarren haserrea handia izan zen, "Gurelesa, la mejor agua de mesa!" oihu egiten zuen jendeak Boulevardean eta erdialdeko kaleetan izandako bilkuretan. Horiek izan ziren 1936ko gerra zibilaren ondoren Donostian gertatu ziren lehenengo manifestazio herrikoi handiak.
Baserritarrentzat zoritxarreko 1959 hartan, Araundiko Maria Arrillagari ere, gainerakoei bezalaxe, debekatu egin zioten esnea saltzea. Mariak isunak nola jartzen zizkioten kontatzen du. "Hilabetean sei multa sartu zizkiguten esnea saltzeagatik!", Epaiketa ere egin zioten familia horri, baina irabazi egin zuten. Beren abokatuak, epaiketan, zera galdetu zien kontrarioei:"nola demostratzen duzue familia honek esnea saltzen duela eta ez patatak?" Orduan ixildu egin omen zen Gurelesaren abokatua. “Gurelesa izan zen Zubietako baserritarren hondamendia!” dio Araundiko Mariak.”(4)
Oharrak:
(1) Usurbilgo Toponimia, Mari Karmen Etxabe eta Jose Javier Furundarena, lan argitaragabea, Usurbilgo Udala, 1989
(2) Apellidos Vascos, Luis Michelena, Biblioteca Vascongada de los Amigos del País Vasco, Donostia, 1953
(3) ZALDUA, L. M. (2011): Urumeako zilegimendietako toponimia, lan argitaragabea.
(4) Usurbilgo Baserriak eta Baserritarrak, Josu Tellabide Azkolain, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2004 (643, 702 or.)
Toponimoa: Araundi
Atzera