Herri etimologiak dioenez, bertan egon zen zeta-olatik dator izena, haritzaren zeta-harra hazteko fabrikatik. Kontua polita izango litzateke eta argibidea samurra, baina oztopo gaindiezina du azalpen horrek: zeta-ola 1878 inguruan eraiki zuten, eta izena, berriz, nahiko zaharra da, XVI. menderako erabiltzen zen dagoeneko: Armyamategui (1573) (1). Beraz, izena beste zerbaitetik letorkioke. Hala ere, ez al da txiripa handi samarra horrela izendatutako lekuan jartzea zeta lantegia?
Oinarrian, badirudi “armiarma” intsektu izena dagoela, eta osagarri “-tegi” atzizkia. “-tegi var. de -egi” dio Mitxelenak. Eta “-egi”n zera dio: “suf. local, el mismo nombre egi” (Azk.)”; orduan, “armiarma lekua” edo izango litzateke, toki zikina adierazi nahian, beharbada. Beste adiera ere kontuan hartu beharko genuke, alegia, “etxe” adieraztekoa: “-tegi vale aproximadamente “casa” y sigue a nombres propios, apellidos o apodos, designaciones de oficios, etc.” (2) (Usurbilen bertan badira: Donjoandegi, Fermindegi, Gomiztegi eta abar), kasu honetan, animalia izenarekin, txerritegi, oilategi eta horien antzera. Hala, eraikin baten goitizena izan liteke.
Irisasin, Urdaiagatik eta Txokoaldetik hurbil, Erroizpe errekaren ezkerreko hegiari deitzen zaio horrela, edateko ura hartzeko Herriak daukan presatik gora. Garai bateko zeta-olaren hondakinak ikus ditzakegu bidean. Eraikin nagusiko lau pareta sendoak, zeta-harrek neguko hotza senti zezaten leiho handiz josiak, ederki mantentzen dira, huntzak janda bada ere. Arrain haztegia ere egin zuten geroztik, eta hantxe daude arrastoak. Guardetxe funditua (Galonea esaten zitzaiona) eta harrizko presa txiki polit bat ere inguruan dira.
Izan ere, Armiarmategin, pareta zaharrak ikusiz berebiziko jausia egin liteke XIX. mendera. Haritzaren zeta harra hazi nahi izan zuten era industrialean, handik, gero, zeta ekoizteko. Ez zen ondo atera, ordea, eta ekimenak berehala jo zuen erreka.
1878 inguruan jarri omen zuten abian. Gregorio Lopetedi y Lecunberri izan zen proiektuaren ikertzailea eta sustatzailea. Liburua ere argitaratu zuen ikerlanen berri emanez: Tratado práctico de la cría del gusano de seda del roble (attacus pernyl).
XIX. mendeko bigarren erdialdean Euskal Herriak izan zuen garapen industrialaren barruan kokatu behar da saiakera berritzaile hau. Gipuzkoan nahiz Estatu mailan oihartzun handia lortu zuen, eta laguntza ekonomikoa eta politikoa izan zituen (Espainiako Errege Alfonso XII.ak aldeko txosten bat sinatu zuen). Garapen ekonomikoaren eta teknologikoaren puntako ekimentzat hartu zen.
1890ean, dagoeneko, guztiz hondatua zegoen. Txoriek jaten omen zituzten harrak. Arrazoi eskasa iruditzen zaie, ordea, Garmendiari eta Rodríguezi tamaina horretako ekimenak halako hondamendia jasateko. (3)
(1) Usurbilgo Toponimia, Mari Karmen Etxabe eta Jose Javier Furundarena, lan argitaragabea, Usurbilgo Udala, 1989
(2) Apellidos Vascos, Luis Michelena, Biblioteca Vascongada de los Amigos del País Vasco, Donostia, 1953
(3) USURBIL Iraganari Begiratuz (Ekoizpena), Gotzon Garmendia eta Ana Isabel Rodríguez, Usurbilgo Udala, 2001 (65-67 or.)
Toponimoa: Armiarmategi
Atzera