Mitxelenaren arabera, “(h)aran “valle”… segundo elemento en Barandiaran, Elizaran, etc., alternando a veces con –arain: Astiasaran, Astiasarain (primer elemento Asteasu)” (1).
Asteasuain izeneko baserriak Txikierdi auzunearen bihotza ziren: Asteasuainzar (Zabalonea), Asteasuainberri (Lokate), Asteasuaintxiki (Zapatari) eta Asteasuainerrota ere hortxe ziren. Asteasuain, familiarik zaharrenetakoa da Usurbilen (1402). Asteasuainaundik izugarrizko lursailak zituen: gaur egungo Michelin, Urbil eta Fagor (lehen, Luzuriaga) diren lur horiek denak, eta mendi aldean ere eremu izugarriak. Michelin egin aurretik, aerodromoa izan omen zen sail horietan: Campo de Aviación de Lasarte; eta, Urbil dagoen eremuetan golf-zelaia. Golf zelaiarekin galdu omen zen ordurako erreta zegoen baserria. (2)
Tellabidek eta Agirresarobek idatzi dute golf-zelaiaren gainean. XX. mendean hasieran eraiki zen golf-zelaia, hipodromoarekin batera, turistak erakartzeko proiektuaren barruan. Garai hartan, Donostia zen udako hiriburua Espainiako Maria Cristina erreginarentzat. Orduko handikientzat denbora pasarako jarduerak behar zirela eta, Biarritzen eta Donibane Lohizuneren arrakastari jarraituz, hipodromoa eta golf-zelaia egitea otu zitzaien.
Teknikari ingelesak etorri, eta Lasarteko Atsobakar ingurua gustatu, Donostiatik hurbil eta leku zelaia. 1915ean zabaldu zen bederatzi zuloko eta 240.000 metro koadroko golf-zelaia. Ez zuen askorik iraun, ordea, 1965 aldera, “Real Golf Club de San Sebastián” klubak zelai berria egin baitzuen Hondarribian, gaur egun denok ezagutzen duguna, hain zuzen ere.
Lasarteko golfa esaten zitzaion, handik baitzuen sarrera, baina eremu handienak Usurbilen zituen, Asteasuainaundi baserriaren lurretan hain zuzen ere. Gaur egungo Urbil merkatari gunea eta Lasarteko Urbarte auzunea, horiek denak hartzen zituen bere baitan.
Usurbil aldeko mutil koskor asko ibili zen golfean laguntzaile: “caddie”, eta halaxe dakigu golfean aritzeko makilari “perratxa” deitzen ziotela. (3)
(1) Apellidos Vascos, Luis Michelena, Biblioteca Vascongada de los Amigos del País Vasco, Donostia, 1953
(2) Usurbilgo Baserriak eta Baserritarrak, Josu Tellabide Azkolain, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2004 (428 or.)
(3) Usurbilgo ondarea ezagutzen, Josu Tellabide eta Asier Agirresarobe, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2009 (266 or.)
Toponimoa: Asteasuain aundi
Atzera