Usurbilgo Toponimia

Ba al zenekien?

Gilisasti

Aingura-egile maisuen leinu ospetsua

Lehen osagaia aipatzeke, Mitxelenak isasti ikusten du oinarrian. Isasti, isa(t)s+ti: isatsa landarea, eta –ti < -di < -doi, dui atzizkiaren aldaera, ugaritasuna adierazten duena (1). Gilisagasti aldaera ere zaharra da (1662), eta gehiagotan agertzen dena.

Urdaiaga auzoan dagoen baserri bikain hau, San Estebanetik Txokoalde auzunerako erdibidean aurkituko dugu, ezkerrera, Urdaiaga jauregia baserriaren parean, gutxi gorabehera.

XVII. eta XVIII. mendean, aingura-egile familia ugari aurkituko dugu Usurbilen: Zelaiandia, Soroa, Gilisasti, Goikoetxea, Ibarrola… Eta aingura-egile guztien artean, Juan Fermin Gilisasti (aiarra, jaiotzez) izango da ospe handiena jasoko duena. Aurrekoengandik zetorkion habea, aitona Martin Gilisasti Lizardi, aita Fermin Gilisasti, eta osaba Manuel Gilisasti ere aingura egile maisu aipagarriak izan baitziren.

1625erako egiazta omen liteke sutegi hau bazela, 1648an Franziska Zelaiandiaren testamentuan Gilisastiko ondareen artean sutegi bat aipatzen delako: "las herramientas de la fragoa que tengo en la dicha casa de fabricar ancoras"(2).

1704an, Donostiako agintariek Martin eta Fermin aita-semeak auziperatu zituzten, ainguren garraioak errepideetan sortzen zituen kalteak zirela eta. Aingura garraioak sortutako kalteak direla medio neurriak hartu behar izateak garbi adierazten du jarduera honek zuen garrantzia.

1730ean, Hernaniko Errege Aingura Olen ekoizpen eta teknikari arduradun zen Juan Fermin Gilisasti. Holandara egindako bidaian, bertako aingura-egileek erabiltzen zituzten teknikak ikertu eta Euskal Herriratu zituen. "Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrak ordaindua, espioitza industriala egitera joan zen Holandara" dio Josu Tellabidek (3). Berrikuntzek ospe handia eman zioten, eta hala, espainiar Koroaren Errege Ontzioletako hornikuntzaren monopolioa lortu zuen. Igo bezala jaitsi ere: 1752an, Hernaniko Errege Aingura Olen maisu ardurak kendu zizkioten, zigor modura. Arrazoia: 1750ean Ferrolera bidalitako aingura multzoan ustez izan ziren okerrak, "factura" txarrekoak omen ziren, gaizki eginak alegia. Juan Fermin Gilisastik bere burua defendatu zuen, baina ardura eta pribilejio guztiak galdu zituen.

XVIII. mendean, Ignacio Soroak eskuratu zuen Gilisasti oinetxea eta sutegia (2). Horrela, Elizaldeko soroatarren Saroe jauregiko armarri erraldoia Gilisastitik ekarria omen da: "Herrian esaten denez, jauregiak duen armarri bikaina, Gilisagastik zuen lehenago. Hari soldaduek kendu ziotenean ekarri zuten Saroe jauregira". (4)

Oharrak:
(1) Apellidos Vascos, Luis Michelena, Biblioteca Vascongada de los Amigos del País Vasco, Donostia, 1953
(2) USURBIL, iraganari begiratuz, Gotzon Garmendia eta Ana Isabel Rodríguez, Usurbilgo Udala, 2001 (11 or.)
(3) Usurbilgo Baserriak eta Baserritarrak, Josu Tellabide Azkolain, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2004 (526 or.)
(4) USURBIL, mendez mende, Axentxio Elustondo, Usurbilgo Udala, 1986 (90 or.)

Toponimoa: Gilisasti

Atzera
Irudia

© 2012 - Usurbilgo Udala

Joxe Martin Sagardia Plaza, z/g - 20170 Usurbil - GIPUZKOA

Tel.: 943371951

www.usurbil.net