Usurbilgo Toponimia

Ba al zenekien?

Kalea

Baserritar kofradiak

Mitxelenak "Calle" dio, besterik gabe (1). Baina ezin dugu ahaztu baserriari kontrajarritako "kale" terminoaz, nolabaiteko "hirigune, auzune" adieraziko lukeena, eskuarki elizaren inguruan. Hortik letozke baita Kalezar eta, geroago, Kaleberri ere.

Zubietako errebote-plazaren ondo-ondoan, Araetarako bidean dagoen baserria da. Antzinakoa izanagatik (López Martínez de Isastik aipatzen du, 1625ean), ez du ezaugarri aipagarririk gorde. Bertan biltzen zen Zubietako baserrien bi ermandadetako edo kofradietako bat. Ikus dezagun zer ziren kofradiak, Josu Tellabideren hitzetan:

"Kofradia, auzo bateko baserritarrek eratzen zuten elkarte moduko bat zen; kofradiari kuota bat ordaintzearen truke, baserritarrak bere ganaduarentzat aseguru bat zuen. Horrela, abelburu bat hil edo galtzen bazitzaion, kofradiak diru kopuru bat ematen zion laguntza gisa, abelburuaren balioaren arabera. Zubietan bi ganadu kofradia edo ermandade zeuden. Batak, Kalea baserrian zuen biltokia, besteak, berriz, Alamandegiberri baserri, ostatu eta estankoan. Zuasti baserria izan ezik, Zubietako gainerako baserri guztiak biltzen zituzten bi kofradia hauek.

Urtero, kofradiako kideak, urtarrilaren 5ean, Errege egunaren bezperan, sutan goritutako "burni-marka"rekin markatzen zuten baserri bakoitzeko ganadua, ukuiluz ukuilu. Ganadua ernari zegoen ikusten ere ibiltzen ziren. Hala bazegoen, prezioa igotzen zitzaion, eta umea egiten zuenean ostera jaitsi. "Badakizu -argitzen du Joxe Frantzisko Iparragirrek-, abereek segurua zuten. Baserritarrek dirua botatzen (dirua jartzen) zuten urtero, hainbeste buru bakoitzeko. Behi bat hiltzen bazen, eta albaiteroak ontzat eman (behia osasuntsu zegoela, alegia) kofradiako sozioen artean partitzen zuten jateko. Albaiteroak ontzat ematen ez zuena Lino tratanteak eramaten zuen. Tratante hura gailegoa omen zen. Mataderira, Donostiara, Manteora eramaten zuen haragia, koartelera, soldaduek jateko, txorizoak egiteko, nork daki! Garai haietan dena ona zen. Ez zen ezer botatzen, ez gaur bezala behi eroekin..." Garai haietan Ignazio Markuleta zen albaiteroa.

Usurbilgo beste auzoei dagokienez, bazen Txikierdin biltzen zen beste kofradia bat, auzo hori osorik biltzen zuena. Alkartasuna deitzen zen.

Kaleberri edo Elizalden baziren beste bi: bataTomasenea baserrian biltzen zen, eta Ugartealde deitzen zen, eta bestea, Patrinea ostatuan biltzen zen.

Beste bat Urdaiagako Txokoaldeko Simonenezarrean biltzen zen, eta geroago, Simoneneberrin (Zumeta ostatuan). Aginagako baserritar gehienak Ezpaldiberrin elkartzen ziren, Pikabea ostatuan. Lehenago Eiza etxean biltzen ziren.

Kalezarren ere baziren beste bi, bata Kontzejun (Makatzanea) biltzen zen eta bestea, Portalean."

(1) Apellidos Vascos, Luis Michelena, Biblioteca Vascongada de los Amigos del País Vasco, Donostia, 1953
(2) Usurbilgo Baserriak eta Baserritarrak, Josu Tellabide Azkolain, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2004 (704 or.)

Toponimoa: Kalea

Atzera
Irudia

© 2012 - Usurbilgo Udala

Joxe Martin Sagardia Plaza, z/g - 20170 Usurbil - GIPUZKOA

Tel.: 943371951

www.usurbil.net