Kalezarko hiribildutik kanpo, baina oso hurbil, ekialderantz, auzune txiki bat osatu zen Andre Maria Sokorruko ermitaren inguruan. Baselizari itsatsia dagoen etxe txikia da Ospital. Biak loturik daude koroan dagoen ate batez. Ondoko santutxo edo gurutze-tokiari ere Ospitaltxiki esaten zaio (hamaika ijitori aterpea emana omen da). Gaur egun, jatorrizko zereginarekin ez du inongo loturarik, eta etxe arrunta da.
XI. mendetik aurrera, Santiagora erromes joatea handikien gauza izateari utzi eta orokortu zenean, ospitaleak sortu ziren Donejakue bidean, erromes zihoazenei lo egiteko aterpea emateko. Aterpea eta janaria ematea zibilizazioaren ezaugarritzat hartua zen. Homerok Odisean dioenez “Jainkoak pertsona bihurtuta ibiltzen dira hiriz hiri, halaxe ikusteko nork hartzen dituen zakar kanpotarrak eta nork abegikor”. Erdi Aroko kristautasunean, ibiltaria edo eskalea gauez hartzen zuenak Jesu Kristo bera hartzen omen zuen etxean. Hortik letorke, ia gaur eguneraino, baserrietan izan den usadioa: gaua pasatzeko leku eske zetorrenari karrera, mandioa edo ganbara eskaintzekoa (etxerik gehienetan sabela berotzeko zer edo zer ere ematen zitzaion etorkinari). Halaxe izan da urte askoan jende-legea.
Donejakuek eriak sendatzeko dohainak zituela pentsatzen zenez, gaixo askok egiten zuen Santiago bidea. Hori dela eta, askotan gaixotzen zirenez, behar horretatik sortzen joango da ospitaleen bigarren helburua: gaixoak artatzea eta sendatzea.
Ospitaleek maiordomoa izaten zuten administrari lanak egiteko eta familia bat-edo ospitalezain lanetarako. Zituen ondasunen errentetatik bizi zen ospitale bakoitza, eta jendeak emandako limosnetatik nahiz testamentuetan utzitako dohaintzetatik.(1)
Lehen aipamena 1549koa dela dio Luis Murugarrenek, hala ere, dezente lehenagokoa behar duela izan deritzo. Gaixo diren ibiltariak hartzeko edo eritasun kutsagarriak dituztenak hiribilduaren barruan ez sartzeko egina izango omen da.
1592an ez da agertzen Gipuzkoan ikuskatu ziren ospitale garrantzitsuenen zerrendan (Martin de Elkanok egin zuen, korrejidorearen aginduz). Baina, badakigu, 1599an, bizkaitar bat bertan hil zela, eta 1601ean, nafar bat. 1608an, Catalina de Hoa da ospitalezaina, eta 1626an, berriz, Juanes de Zuasti maiordomoa. XVIII. mendean ez omen da batere ohiko usurbildar txirorik hiltzea Ospitalen.
XIX. mendean zera diote:
"A corta distancia de la Villa hay un hospital destinado para alivio de los pobres, con comunicación a una casa, bajo el cuidado de la persona que nombra la propia Villa, como patrona. Y tiene tres porciones de tierra sembradía que produce como 36 pesos de a 15 reales de vellón, que se emplean en socorrer a los pobres del pueblo y del tránsito." (2)
(2) Usurbil, Luis Murugarren, Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, Donostia, 1974 (174 or.)
Toponimoa: Ospital
Atzera