Usurbilgo Toponimia

Ba al zenekien?

Irurubieta

Ibien garrantzia

Beharbada, "irura" izango genuke oinarrian, ibar edo madura (erribera) esan nahiko lukeena. Horren osagarri: alde batetik, edo (h)ibi > ubi, besterik gabe, edo "Ubiria (ubi "vado", var. de ibi), Ubide (ur-tide "acequia, zanja")"; eta, bestetik, "-eta" atzizkia, ugaritasuna edo lekua adierazten duena. (1)

Zubietako ipar-mendebalean kokatutako baserria, ondoko ibitik harturik izena, itxura guztien arabera. Izenari erreparatuta bakarrik, pentsa liteke zenbat aldiz harrapatuko zuen "ujalak" (uholdea, Usurbilgo hizkeran) eta, dirudienez, bertako biztanleek, aspertuta eta ikaratuta, utzi egin zuten baserria. Antzinako etxea galdua da, eta berria dago eraikia haren ordez.

On Manuel Lekuonak zioenez:

"Artzain-garaian, ibaitik ibaira izan ohi ziren mugak: a flumine usque ad flumen. Eta hala zen egoki, izan ere, orduko ekonomiaren arabera.

Artzain-garaian zubi gutxi izan ohi ziren. Zubiak gero ugaritu ziren. Ekonomia hartan, artaldeak ezin igaro zitezkeen ibaiaren alde batetik bestera: artzain bakoitzak bere lurraldean (ibaitik ibaira) larratu behar zuen bere artaldea."(2)

Zubi faltan, ibietatik pasa beharko ziren ibaiak. Ibaiak pasatzeko bideak dira ibiak, uraren sakontasun txikia baliatuz, oinez igaro litekeen tokiak.

Ahaide nagusien garaian, oso leku estrategikoak izateagatik (jendeak bertara hurbildu behar baitzuen ibaia seguru pasatzera), jauntxoen gustuko lekuak izan ziren, zergak ordainarazteko pasa nahi zuenari; eta, beraz, interes horiek direla medio, ohiko liskar eta borroka tokiak.

"Juana Huizi eta Mari Karmen Arregi Zuastiko andreek kontatzen dute zenbat aldiz pasatzen ziren uretan sartuta Irurubietatik Usurbil aldera, Usurbila joateko hori baitzen biderik motzena. Beste batzuetan, lixiba etxean egin, Zuastin, eta errioan, Irurubietan, aklaratzen zuten. Bi andreek, eta Zuastiko Antonio Arregik kontatzen dute zenbat aldiz pasatzen ziren Legarritzagako irlara gurdiarekin, han belarra bildu ondoren buelta egiteko. "Urak urdin-urdinak ziren ... Martin arrantzaleak nonahi, harri koxkor txuri-txuriak ikusten ziren errioan ... beldurra izainei bakarrik izaten genien. Gaur oso gutxitua dago ... (hondatua dago). Badakizu? Lehen difuntuen gorputzak ere pasatzen omen ziren Legarritzagatik, Zubietatik Usurbilerako herribide zaharra horixe baita!" diote beraiek." (3)

Oharrak:
(1) Apellidos Vascos, Luis Michelena, Biblioteca Vscongada de los Amigos del País Vasco, Donostia, 1953
(2) ZUBIETA, mila urteko herria, Joxe Ramon Zubimendi, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2000 (43 or.)
(3) Usurbilgo Baserriak eta Baserritarrak, Josu Tellabide Azkolain, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2004 (728 or.)

Toponimoa: Irurubieta

Atzera
Irudia

© 2012 - Usurbilgo Udala

Joxe Martin Sagardia Plaza, z/g - 20170 Usurbil - GIPUZKOA

Tel.: 943371951

www.usurbil.net